ToolboX.Academy web-plataformak “Konpetentzia digitalak hezkuntzan” kategorian jaso du saria, AMETICek, Espainiako industria digitalaren patronalak, ematen dituen sarietan.
Malagako Unibertsitateak diseinatu duen plataforma bat da, GAIA euskal klusterraren laguntza eta bultzada dituena eta TXAC Planet telesail hezigarria barne hartzen duena.
Haren helburu nagusia da ikasleek ordenagailuen programazioa eta pentsamendu konputazionalaren oinarriak ezagut ditzatela, baita IKTen sektorean bokazioak piztea ere.
Dagoeneko 20.000 ikaslek eta 500 ikastetxek osatu dituzte 50.000 kode-orduak plataforman, zeinak egunean banakako 3.000 erabiltzaile izaten baititu.
GAIAko zuzendari nagusi Tomas Iriondok eta Malagako Unibertsitateko irakasle Francisco Vicok jaso zuten atzo, Madrilen, AMETICek ToolboX.Academy plataformari emandako “Digital Skills Awards Spain 2021” saria, ‘Konpetentzia digitalak hezkuntzan’ kategorian. Sari horiek proiektu eta esperientzia onenak identifikatzen, baloratzen eta aintzatesten dituzte gizartearentzat, profesionalentzat, hezkuntzarentzat, emakume eta neskatoentzat, inklusioarentzat eta lanbide-heziketarentzat konpetentzia digitalak garatzeko esparruan.
ToolboX.Academy plataforma Malagako Unibertsitateko irakasleek proiektuan bazkide den GAIA klusterraren laguntzaz garatu zuten plataforma bat da, eta haur eta gazteek alfabetatze konputazionalean duten hutsuneari konponbidea emateko sortu zen. Tomas Iriondok azaltzen duenez, plataforma horren bidez, “haurrak programazioaren munduan sartzea lortzen dugu eta pentsamendu konputazionala garatzen laguntzen diegu, ikasgeletan programazioa irakasteko lan konplexuan lagunduz. Gainera, proiektua lagungarri gerta daiteke gazteen artean bokazio gehiago erakartzeko ingeniaritzekin eta IKTekin erlazionatutako ikasketak egin ditzaten, eta beren etorkizun profesionalerako oso baliagarri gertatuko zaizkien konpetentzia digitalak ematen dizkie”.
Bestalde, Francisco Vico katedradunak adierazi du ekimena lagungarri izan daitekeela neskatoak anima daitezen etorkizunean ingeniaritzako ikasketak egitera eta aukera izan dezaten programazioan, telekomunikazioetan eta ingeniaritzetan sortuko diren lanpostuetan aritzeko; izan ere, gaur egun ez dute halako lanpostuetarako sarbiderik, ez dituztelako arlo horretako ikasketak egiten.
ToolboX.Academy doako web-plataformak aukera ematen die haurrei eta gazteei programazioko ikastaro oso bat egiteko ToyScrip oinarrizko lengoaian, zeina testuan oinarritzen baita eta barne hartzen baitu jarraibideen, begizten eta habiaraketen sekuentzia, aldagaien erabilera, sarrera/irteera jarraibideak eta erlazio-operadoreekin eta operadore logikoekin egiten den baldintzazko egitura. Hala, eta ingurune ludiko batean, ikasleek modu autonomoan ikasten dute, eta proposatzen diren zenbait egoera konponduko dituen robot bat programatuko dute, 400 ataza baino gehiagorekin eta ikaskuntza-kurba leun batekin.
Nola erregistratu?
Funtzionamenduari dagokionez, eskolak eta institutuak erregistra daitezke, eta banakako sarbideak sortu ikasleentzat; ikasleek 10 orduko (batez beste) programazio-ikastaro bat egingo dute oinarrizko lengoaian (ToyScript), zeina ikaskuntza errazteko diseinatu baitu taldeak.
Plataformak, halaber, TXAC Planet telesaileko 30 atalak ikusteko aukera ematen du, zeina gaztelaniaz eta euskaraz baitago eta talde sustatzaileak ekoitzi baitu (haren parte da Azaroa Films ekoiztetxea ere), ToolboX.Academy-ren kontzeptu nagusiak modu atseginean irakasteko.
500 ikastetxetan ezarri eta 20.000 ikaslek baino gehiagok erabili ostean, ekimenak erakunde publikoen eta pribatuen babesa jaso du, baita etorkizuneko garapenak ordaintzeko finantziazioa ere.
GAIAtik, azpimarratzen dute frogatuta geratu dela ToolboX.Academy plataformak zenbaterainoko ahalmena duen programazioa nahiz Adimen artifizialeko kontzeptuak irakasteko; “beraz, erreferentziazko soluzio bihur liteke mundu osoan, IKTetan trebatzeko”.