“Txac Planet“ telesaila saritu dute AEBko Los Angeles hirian egin berri duten New Media Film Festival jaialdian, STEAM kategorian (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematiken arloan). GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak, Azaroa Filmsek, Digitomicak eta EITBk landutako telesaila da.
Oihana Maritorena aktoreak gidatzen du telesaila, Adaren paperean. Orbita estazio bat Txac Planetara joango da, planeta hori esploratzera eta ikertzera. Espedizioaren burua Ada astronauta da, ordenagailurako programak idazten dituena koder bizkor eta ausarta. Robotak programatzen eta Lurreko lagun koderrekin komunikatzen gozatzen du Adak. Adak kontrol panelean eragiketak egiten ematen du eguna, Roby izeneko robot ikasle txiki bati Tor eta Eva robot nagusiek jartzen dizkioten zereginak egiten laguntzeko. Horrez gain, beste koderrekin hitz egiten du eta mundu teknologiko-zientifikoari buruzko albisteak kontatzen dizkie, Helia ordenagailu nagusiaren laguntzaz.